Eusko Jaurlaritzako eta Osakidetzako Lankideen %0,7 Elkartasun Fondoa
 
 

Zergatik %0,7?

 

Bilatzen laguntzeko, hemen duzu google.

Google

 

 

Zer da eta zer esan nahi du "0,7% y +" plataformak?

"0,7% y +" plataformaren sorrera eta helburuak

Plataformaren jatorriak zerikusia du herrialde txiro eta aberatsen arteko harremanetan ikus dezakegun ezberdintasun eta injustizia ikaragarriarekin. "0,7% y +" plataformaren sorreran egiaztapen bat dago, planeta honetan ehundaka mila pertsona txirotasun larrian, miseria gorrian eta gosetean bizi direla, eta denok, hala gure gobernuek nola gure gizarteek eta gu geuk erantzukizuna dugula horretan, egoera horri iraunarazten baitiogu.

"0,7% y +" kanpainaren helburua da, batetik, planetako herririk txirotuenekiko gure elkartasuna esnaraztea eta bultzatzea, bestetik, Gobernuari eta erakundeei eskatzea aurrekontu orokorretan urtero, gutxienez, barne-produktu gordinaren (PIB) % 0,7ko diru-partida sartzeko. Diru-partida horren helburua izango da planetako herririk txirotuenekiko garapeneko programa eta proiektuak finantzatzea.

Zein da abiapuntua?

Desberdintasun ekonomiko izugarria dago munduko aberastasuna banatzeko moduan. Hirugarren munduko herrialdeek pobrezi orokorra pairatzen dute. Pobreziak pertsonei nahiz talde sozialei eta azpiegiturei eragiten die. Egoera honen ondorioz, ia ezinezkoa zaie pertsonei zein taldeei beren ahalmenak garatzea eta pobreziatik irtetea.

% 0,7 kopuru hori, nondik sortzen da?

Gosetea da egoera injustu honen ondorio gogorrenetariko bat. Beti ezagutu da talde mailako gosetea. Baina gaur egungo goseteak badu berezitasunik. Zenbait herri eta herrialderen gaitz endemiko da, eta, oro har, ez da katastrofe naturalen edo gerren ondorioa; aitzitik, eragileak arrazoi politikoak eta elkartasun falta dira. Beraz, konpon daiteke.

Duela urte batzuk, 1960ko estimazioen arabera, goseak 40 milioi pertsona hiltzen zituen, horietatik 17 milioi umeak. Gaur egun egoerak ez du funtsean hobera egin. Erroman 1996an egindako elikadurari buruzko goi mailako bilkuran, FAOk salatu zuen 840 milioi pertsona gose larrian bizi direla, horietatik 200 milioi umeak izanik. Adierazi zuenez, beste milioi batzuk gaixo daude, eta pairatzen dituzten gaixotasunek zerikusia dute mikronutrienteen gabeziarekin eta elikagai eta uren kutsadurarekin. Egunero, bost pertsonetatik batek ezin du lortu bere oinarrizko beharrei erantzuteko behar beste elikagai. Hala ere, FAOk dioenaren arabera, guztiontzako behar beste elikagai dago munduan.

NBEk (ONU) 1961ean estatu industrializatuei eskatu zien neurriak hartzeko, beren diru-sarreren % 1 erabiliz, garapen bidean dauden herrialdeen beharrek modu pribatuan nahiz publikoan finantziazioa izan zezaten. Ondoren, aldatu egin zen helburu hori, eta estatu garatuen produktu nazional gordinaren (PNB) % 1 izatera heldu zen. Azkenik, adostasunez onartu zen produktu nazional gordinaren % 0,7 izatea, baina helburua ez da ia inon lortu.

0,7% y + plataformaren eskaerak

1. Estatuaren erakundeek komunitate autonomoek eta udalek diru-kopuru bat eman behar dute urtero, gutxienez barne-produktu gordinaren (PIB) % 0,7a, planetako herririk txirotuenekin lankidetzan eta elkartasunean jarduteko.

2. Diru hori garapeneko programa eta proiektuetarako bideratu behar dute. Baina programa eta proiektu horiek ingurugiroa errespetatu behar dute, eta helburutzat eduki oinarrizko beharrak asebetetzea (elikadura, sanitatea, hezkuntza, umeak...), gizarteko antolamenduzko sarea indartzea, giza eskubideak eta, halaber, talde etniko txikiagoenak eta emakumeenak bultzatzea eta defendatzea, hala nola garapenera eta gizarteen arteko elkartasunera daramaten hezkuntza eta ekintzak sustatzea ere. Era berean, guztiz debekaturik egon behar du diru horiek erabiltzeak zuzenki edo zeharka helburu militar edo komertzialekin erlazionaturiko proiektuetan.

3. Kooperazio eta elkartasuna bultzatzeko estatu mailako kontseilu bat eratu behar da. Kontseilu hori osatuko lukete garapenerako gobernutik aparteko erakundeak, elkartasunerako organismoak eta garapena bultzatzeko kooperazioarekin zerikusia duten bestelako eragileak. Kontseiluaren eginkizunetariko batzuk izango dira % 0,7 banatzeko irizpideak eta lehentasunak finkatzea eta diruz lagundutako programen eta proiektuen jarraipena egitea. Fondo horien gestioa egiteko printzipioak izan dira gardentasuna, arrazionalitatea eta kontrol publikoa egotea.

4. Garapeneko kooperazioaren lege bat egin behar da, bertan jasotzeko lehen aipatutako oinarrizko printzipioak eta diru publikoaz ordaindutako kooperazio-ekintza eta programa guztiak arautzeko. Kooperazio publikoa gidatu behar duten kalitate- eta gardentasun-printzipioek bideratuko dute lege-esparru hori, eta ezin izango da erabili elkartasunezko eta interesik gabeko kooperaziotik kanpoko ekintzak sustatzeko, ez eta pobretutako herrien garapena eta gure gizarteen arteko elkartasuna bultzatzeko ez diren interesetarako ere.

5. Eztabaida publiko eta sozial zorrotza egin behar da. Era berean, neurri zorrotzak eta premiazkoak hartu behar dira, irizpideak justizia eta elkartasuna direlarik, kanpo-zorrak eraginda gora doan hegoaldeko herrien pobretze-prozesua konpontzeko. Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu behar du ideia hauek nazioarteko organismo eta topaleku guztietan defendatzeko.

6. Arian-arian eta nabarmenki txikitu behar da aurrekontu orokorretan gai eta jarduera militarretarako erabiltzen den diru-kopurua. Murrizketa horretatik lortutako dirua garapeneko lankidetzara bideratuko da, eta, orobat, helburu soziala duten beste batzuetara ere, kasurako langabeziako diru-laguntzara, gizarte-ongizatera, ingurugirora, osasunera eta hezkuntzara.